Tabakalera proiektu kulturalaren ibilbidean mugarri izan diren gertaerak, 2005etik hona eginiko programa kultural osoa eta Tabakalerarekin batera aritu diren eragileen inguruko informazioa bateratuta aurkituko duzu. Guztia dokumentatua geratu da eta gertaera horiek denak jasoak daude bertan.
Arteleku genero artistiko ezberdinen esperimentaziora, praktikara eta produkziora bideratutako arte eta kultura zentroa izan zen (1987-2014). Argitalpenak katalogoan eta Zehar aldizkarian ez ezik, proiektuaren barruan gertatutakoak jasota daude bertan eta, ahal izan zen neurrian, horien dokumentazioa ere.
2016an Donostia Europako Kultur hiriburua izan zen (DSS2016). Kultura hiriburutza Europar Batasunaren ekimen bat da eta helburutzat du Europako herri ezberdinen arteko gerturatzea eta elkartrukea sustatzea. Ekimen honen barruan antolatutako kultur programaren informazioa eta jasotako dokumentazioa jasota dago funts honetan.
Bildumak Gai edo jakintza-arlo bati buruzko informazio eta edukiakULERTU DUT
XedeakGai bat lagun edo gogoetatzeko antolatzen den egitasmo nagusiaULERTU DUT
Ekintzak Erakunde edo proiektu batek antolatzen eta programatzen dituen aktibitateakULERTU DUT
POV (2024)
TopaketaTabakalera2024 Mar 21 - 2024 Aza 14
Kultura digitala kolektiboki irensteko topaketa.
Hilean behin kultura digitalak sortutako fenomenoak, mirariak, produktuak eta hondarrak irensteko, partekatzeko eta eztabaidatzeko elkartuko gara. NPC edo AI companions bezalako gai berrienetatik hasi eta denboraz kanpoko gaietaraino, hala nola Fedibertsoa edo folklore digitala. POV saioak talde-terapia moduko bat dira, gaur egun elkarrekin bizi diren errealitate askotarikoak eta hibridoak, eta teknologiak haiengan duen eragina, nabigatzen laguntzeko.
Topaketa bakoitzaren aurretik, irakurketa, ikuste, entzute eta/edo jolas-materialen zerrenda txiki bat partekatuko da parte-hartzaileekin, eta modu aktiboan ekarpenak egitera gonbidatuko dira, erlazionatutako beste eduki batzuk gehituz. Saioan zehar, material guztiak partekatuko dira, komunean jartzeko eta horien inguruko elkarrizketei ekiteko.
Martxoak 21 – NPC
Lehenengo saioa NPCen figurari buruzkoa izango da. Arimarik gabeko pertsonaia digital horietako batzuk beraien testuinguruetan bisitatuko ditugu, eta hauen ekoizpenaren eta existentziaren arrazoiak eta inpaktua argitzen saiatu diren artista eta pentsalari ezberdinen lanak aztertuko ditugu.
Apirilak 18 - Folklore Digitala
Bozketa estu eta zirraragarri baten ondoren, POVren lehen saioko parte-hartzaileek Folklore Digitala aukeratu dute bigarren saioko gai gisa :-D
Olia Lialina artistarentzat eta Dragan Espenschied kontserbatzaile digitalarentzat "folklore digitalak XX. mendeko azken hamarkadan eta XXI. mendeko lehenengoan erabiltzaileek aplikazio informatiko pertsonalekin izandako elkarreraginetik sortutako ikusizko, testuzko eta soinuzko kulturaren ohiturak, tradizioak eta elementuak biltzen ditu". Hala ere, Trevor J. Blank akademikoarentzat definizioa zabalagoa da; izan ere, "folklore digitala norbanakoen eta komunitateen sormenaren kanpo-adierazpena da, era eta interakzio askotan".
Zatoz POVera bi adiera horiek ulertzen eta eztabaidatzen saiatzera, GIFez, MIDIko abestiez eta web bisitako liburuez beteta egongo den saiora.
Maiatzak 16 - AI Companions
Adiskide artifizialak pertsonei eguneroko bizitzan laguntzeko sortutako automatismo fisiko zein birtualak dira. Konpainia-robotak (Sonyren AIBO txakur ezaguna, adibidez) eta izaki birtualak (Tamagochi, adibidez) oso lagungarriak izan daitezke entretenitzeko, aktibitate fisikoa sustatzeko edo zaintza lanetan laguntzeko. Duela gutxi, hainbat konpainiak AI Companions eredu algoritmikoak merkaturatu dituzte, jendeari emozionalki laguntzeko, bikote-harremanak simulatzeko edo desio sexualak asetzeko.
POVen hirugarren saioan kultura digital berrieneko produktuen zirrikituetan murgildu eta, besteak beste, maskulinitateekin, kapitalismo kognitiboarekin edo irudi sintetikoekin dituzten harremanak eztabaidatu eta partekatu genituen.
*Saio hau IMMATERIAL 2024 festibalaren barruan gertatu zen.
Mendebaldeko teknologia-enpresa handien jabeek beren produktuek eragingo duten inpaktuari buruz igortzen dituzten zoritxarreko mezuen aurrean, POVen ikuspuntu alternatiboak partekatuko ditugu; beste errealitate posible batzuei buruz hitz egingo dugu, etorkizun baikorra eskaintzeko, ezinezkoa eta sinplifikatua badirudi ere.
Irailak 19 – Utopia digitalak II
Udako atsedenaldiaren aurreko POVen azken saioan, utopia digitalak eraikitzeko erabiltzen diren ideiak aztertu genituen. Irailean abiatuko dugun denboraldi berri honetan, teknologiak zeharkatutako agertoki utopiko horiei buruz hitz egiten jarraituko dugu, baina, oraingoan, elkarrizketa adibide zehatzetan zentratuko dugu. Alderdi distopiko haundi edo txikiagoak dituzten agertoki historikoak eta espekulatiboak partekatuko ditugu, bideragarriak izan daitezkeen edo ez aztertzen dugun bitartean.
Zatoz uda osteko POV topaketaren lehen saiora digitaltasunaren inguruko irudipen positiboei hitz egitera.
Azaroak 14 - Heriotza digitala
Topaketa honetan digitaltasunaren eta bizitzaren amaieraren arteko harreman arraro, aberats eta askotarikoaz hitz egingo dugu. Bideojoko askotan, adibidez, heriotza bere mekanikaren beste elementu bat izaten da, eta berriz jaiotzea ahalbidetzen du aurrera egiten jarraitzeko. Interneten, ordea, atzean uzten dugun datuen arrastoa aldare birtual bihur daiteke sare sozialetan, buruhauste izan daiteke senide eta lagunentzat, edo adimen artifizial monetizatuaren eredu bat ere izan daiteke.
Saio honetan, digitaltasunak heriotza, dolua, memoria, heriotzaren ondorengo bizitza edo birjaiotzea bezalako gai garrantzitsuei nola eragiten dien eta nola eraldatzen dituen erakusten duten adibideak, ideiak eta iritziak trukatuko ditugu.